Brexitaren ondoriozko egoera posibleak


Aurreko asteazkenean otsailak 6 Gipuzkoako Bazkundeak antolatu zuen “LA EMPRESA ESPAÑOLA ANTE EL BREXIT” hitzaldian izan ginen, Merkataritza Estatuko Idazkari den Xiana Margarida Méndezek eta Euskadiko Aduana eta Zerga berezien buru erregionala den Arantza Inchaustik aurkeztu zutena. Mintegia Merkataritza Estatu-Idazkaritzak eta ICEX Kanpo Merkataritzako Espainiar Institutuak antolatua izan zen, Espainiako Merkataritza Ganbera eta Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioarekin (CEOE) batera.
Gai honek sortzen duen interesa bistakoa zen, aretora bertaratutakoen kopurua ikusita.
 
Onurako langileek merkatu britainiarrean parte hartze nabarmena izan dugu azken urteetan, bertan gure bezeroen salmentak sendotuz. Hori dela eta, ezinbestekoa zen gure parte hartzea hitzordu honetan.
Argi geratu zitzaigun hiru egoera posible dauzkagula Brexitaren aurrean:
 
  1. Egungo erretiratze akordioa onartzen bada 2019ko martxoaren 30a baino lehen, bi urteko trantsizio epeari hasiera emango diogu, 2020ko abenduaren 31an bukatuko dena. 21 hilabeteko epe honetan ustez nahikoa denbora egongo da merkataritza akordioetara iristeko Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren artean. Dudarik gabe egoerarik onuragarriena litzateke hau.
  2. Theresa May britainiarren lehen ministroak bere parlamentuarekin ordezko erretiratze akordio bat negoziatzen ari dela erakusten badu, martxoaren 30eko data horren atzerapena eska lezake, eta trantsizio epearen hasiera ere atzeratuko luke horrela.
  3. Akordioa onartzen ez bada martxoaren 30a baino lehen eta atzerapenik ez bada eskatzen, bat-bateko banantzea gertatuko litzateke Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren artean, eta britainiar lurraldea hirugarren lurralde bat izango litzateke orduan guretzako. Adibide bat jartzearren, Txinaren egoeratik gertuago egongo zen eta ez lituzke Norvegia edo Suitzaren baldintzak izango (merkataritzarako akordio libreekin). Hau gertatuko balitz, aduanak ezarri beharko lirateke, eta horren ondoriozko formalitate guztiak: muga-zergak, kontrolak, murrizketa posibleak, produktu batzuen jatorriaren baldintzatzea, lizentziak…
Hitzaldien ondoren, iritziak eta kezkak elkarbanatutzeko aukera izan genuen gainerako entzuleekin. Brexitarekin gertatuko dena asmatu ezin daitekeen arren, dudarik gabe prest egongo gara ondorioei aurre egiteko eta Erresuma Batuan interesak dituzten enpresei laguntzeko.
Argi dago Brexit “ona” zein Brexit “txarra” izan, Brexita iritsiko dela, eta honek erronka berriak eta aukera berriak ekarriko dituela denontzat, zeinak salmenta bihurtzen saiatuko garen beti.